Salmenta hauek Nafarroan merkataritza arautzen duen ekainaren 12ko 17/2001
Legearen seigarren tituluan jasotzen dira eta, Titulu honetan arautzen ez denetan,
Txikizkako merkataritza arautzen duen 7/1996 Legeko III. Tituluari jarraituko
zaio, honen osagarri baita.
Urrutiko salmenta, herriz herrikoa, automatikoa eta enkante publikokoa
joko dira salmenta berezitzat..
Salmenta horiek aldez aurreko baimena beharko dute, Industri eta
Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak emana, eta halakoetan
aritzen diren merkatariek izena emanda izan beharko dute Nafarroako Foru
Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroan.
Departamentuari aurkeztuko zaion eskabidean ondoko alderdiak egiaztatu beharko dira:
- Enpresaburuaren identifikazioa, eta halakorik egina badu, merkataritzako erregistroko inskripzioa eta identifikazio fiskala.
- Garatuko den jarduerari buruzko txostena, eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuen zerrenda, jarduteko eremua eta saltokiak Nafarroan.
- Tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.
- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergen kasuan kasuko epigrafean alta emanda dagoela eta haren ordainketan egunean dagoela adierazten duen ziurtagiria.
- Produktu zein zerbitzu bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzea eta salmenta mota bakoitza egin ahal izateko exijitzen diren baimen osagarriak edukitzea.
- Enkante publikoko salmenta egiten bada, jabe eta lizitatzaileekiko harremanetan enkantea egiten duen enpresak ezartzen dituen baldintza orokorrak.
Eskaera erregistroan sartu edo eskatutako dokumentazioa osatu, eta handik
hilabeteko epean esanbidezko ebazpena ematen ez bada, baimena eman dela
ulertuko da. Eskatu den baimena soilik ukatu ahalko da baldin eta arestian
azaldutako baldintzetako bat egiaztatzen ez bada.
Baimena ezeztatu ahalko da baldin eta enpresaren jarduera eteten bada
edo horretarako baldintzak betetzen ez badira. Salmenta berezietan aritzeko
baimena duten merkatariek baimen eskaeran emandako datuei buruzko aldaketa
oro jakinarazi beharko diote administrazioari.
Salmenta berezietako baimenak zein haien gaineko aldaketak eta ezeztatzeak
administrazioak berak erregistratuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko
salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroan. Baimena
erregistratzean ondoko datuak jasoko dira: enpresaren identifikazioa,
salmenta mota, merkataritzako eskaintza osatzen duten produktu eta zerbitzuak,
jarduteko eremua eta kontsumitzaileek erreklamazioak aurkezteko tokia.
Merkatariek baimenaren kopia bat izan beharko dute kontsumitzaileen
eskura, eta erakutsi egin beharko dute baldin eta salmenta egiten bada bi
parteak aldi berean bertan daudela.
|