|
2.2.1 Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa
a) Establezimendu publikoak
- Tabernak
- Kafetegiak
- Jatetxeak
- Taberna bereziak
- Ikuskizunetarako kafetegiak
- Diskotekak, dantzalekuak
- Gazteentzako diskotekak
- Ziberzentroak
- Josteta aretoak
- Joko aretoak
- Bingo aretoak
- Antzokiak
- Auditorioak
- Zinematokiak
- Bideoak erakusteko lokalak
- Hitzaldi eta erakusketa aretoak
- Kirol instalazioak
- Zezen plazak
- Azokako pabiloiak
- Jolas-parkeak
- Haurren parkeak
- Zirkuak
- Parke zoologikoak eta safari-parkeak
|
|
|
Foru Dekretu honen arabera, jendearentzako ikuskizun eta josteta jarduerak egiteko erabiltzen diren eraikin, lokal eta instalazio guztiak dira establezimendu publikoak. Ondoko artikuluetan bildutako definizioek ez dute ukatzen Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean sektore bakoitzean aplikatzekoa den araudian ezarritakoa. Ondoren zerrendatzen diren establezimenduek debekatuta izanen dute edariak lokaletik edo terrazara bideraturiko eremutik kanpo ateratzea. Hori betetzen ez badute, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 24. artikulua hautsi dutela ulertuko da eta zigorra ezartzen ahalko zaie.
-
Tabernak
- Barran edo mostradorean kontsumitzeko, edariak uneoro zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira. Edariak mahaietan, lokalaren barnean edo aurrez baimendutako terrazetan ere zerbitza daitezke.
- Aurreko ataleko kontsumo baldintza beretan, jatetxearen jarduera ere egiten ahal dute, pintxoak, ogitartekoak eta platera hotz edo beroak zerbitzatuz.
- Lokal horiek musikaz girotu daitezke, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.
-
Kafetegiak
- Sektoreko araudian ezarritakoaren arabera, uneoro infusioak, zukuak, izozkiak, opilak, pastelak, orotariko edariak, baita pintxoak, ogitartekoak eta bazkariak ere zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira, baldin eta lokalaren barrenean edo aldez aurretik baimendutako terrazetan egiten bada haien kontsumoa.
- Lokal horiek musikaz girotu daitezke, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.
|
-
Jatetxeak
- Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, horretarako prestatu eta aldez aurretik baimenduta dauden jantokietan edo terrazetan edozein otordu zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira.
- Lokal horiek musikaz girotu daitezke, baita amenizatu ere, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.
- Banketeak direla eta, salbuespen gisa, zuzeneko musika emanaldiak egiten ahal dira jatetxeetan, baldin eta Udalaren baimena badute.
-
Taberna bereziak
- Edariak eta konbinatuak musika giroan zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira. Gainera, tabernari dagokion sukaldaritza jarduera ere egin dezakete.
- Lokal horiek musikaz girotu daitezke, baita amenizatu ere, barrenean gehienez ere 90 dbA-ko hots-maila badute.
- Jendea departamentu edo atari estanko batetik sartuko da. Absortzio akustikoa eta itxiera automatikoa duen ate bikoitza izanen ditu atari horrek.
- Lokalak presio akustikoaren kontrolagailu bat izanen du instalatua, uneoro barrenean behar den gehieneko hots-maila gainditu ez dadin eta giro musikaletik datozen hots-emisioaren mailen erregistroa bermatzeko.
- Ez da inoiz agertokirik izanen, ezta dantzarako mugatutako lekurik ere.
- Jatetxeko eta taberna bereziko jarduerak batera egiten ahalko dira establezimendu berean, betiere lokalak beharrezko lizentziak baditu eta jarduerok espazio ezberdinetan egiten badira.
-
Ikuskizunetarako kafetegiak
- Jendeari zuzenean musika, antzerki eta barietateetako emanaldiak eskaintzen espezializatutako establezimenduak dira, baina tabernari dagozkion jarduerak ere egiten ahal dira.
- Lokalaren barrenean bakarrik eginen dute beren jarduera.
-
Jendea departamentu edo atari estanko batetik sartuko da. Absortzio akustikoa eta itxiera automatikoa duen ate bikoitza izanen ditu atari horrek.
Lokalak eserlekuak eta mahaiak izanen ditu jendearentzat, baita agertokia eta kamerinoa ere. Lokalak gutxienez 50 metro karratu erabilgarri izanen ditu jendearentzat, barrak, bainugelek, biltegiek, agertokiak eta kamerinoak hartzen dutenaz gain. Ez da inoiz mugatutako lekurik izanen dantzarako.
- Zuzeneko emanaldiez gain, lokal horiek musikaz girotu daitezke, barrenean gehienez ere 90 dbA-ko hots-maila badute.
- Lokalak presio akustikoaren kontrolagailu bat izanen du instalatua, uneoro barrenean behar den gehieneko hots-maila gainditu ez dadin eta giro musikaletik datozen hots-emisioaren mailen erregistroa bermatzeko.
-
Diskotekak, dantzalekuak
- Jendeari dantza eskaintzen dioten lokalak dira; horretarako, dantzatoki bat edo gehiago izan beharko dituzte. Gainera, musika emanaldiak edo barietateetakoak eskaintzen ahal dituzte.
- Lokal hauetan, zuzeneko emanaldiak eginen dira edo erreprodukzio mekaniko edo elektronikoa baliatuko da musika eskaintzeko, edo bi sistemak txandaka.
- Zuzeneko emanaldiak eskaini ahal izateko, agertokia eta kamerinoa izan beharko dituzte.
- Jarduera honetarako baimena emateko, eraikinak etxebizitzarako ez den beste egitura bat izan beharko du.
- Gainera, bezeroendako soilik, taberna zerbitzua izaten ahal du eta tabernari dagokion jatetxe jarduera eskaini.
-
Gazteentzako diskotekak
- Aurreko atalean aurreikusitako lizentzia izanik, arauz finkatzen den ordutegian, 14tik 18 urtera bitarteko bezeroekin diharduten lokalak dira. Lokal hauetan, alkoholdun edariak eta tabakoa saltzea eta kontsumitzea debekatuta dago. Gainera, alkoholdun edariak eta tabakoa bezeroen begien bistan edo beren eskura izatea eta erakustea debekatuta dago.
- Saioetan, establezimenduaren sarreran eta ezin hobeto ikusteko moduko karaktereez, hurrengo ondokoa dioten kartelak paratuko dira: “Gazteentzako saioa”, “Debekatuta dago tabakoa eta alkoholdun edari oro saltzea eta kontsumitzea”.
-
Ziberzentroak
Diru kopuru bat ordainduta, denbora jakin baterako ordenagailu pertsonalak eta komunikazio teknologikoaren tresnak eskaintzen dituzten lokalak dira, haien aplikazioak erabiltzeko edo dituzten informazio, komunikazio, aisia edo josteta-jokoen zerbitzuetan sartzeko, bai bakarrik bai haien artean edo kanpoko sare batean konektaturik, sektoreko araudian ezarritako baldintzetan. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Josteta aretoak
Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, berariaz josteta jokoak ustiatzen diharduten lokalak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Joko aretoak
Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, joko makinak ustiatzen baizik ez diharduten lokalak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Bingo aretoak
Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, gehienbat bingo jokoan diharduten lokalak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Antzokiak
Antzezpen dramatikoaren artean edo, oro har, arte eszenikoetan oinarritutako ikuskizun publikoak egiteko prestatuta dauden eraikin edo lokalak dira. Agertokia eta kamerinoak, eserlekuak eta bestelako zerbitzu eta instalazioak izaten dituzte. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Auditorioak
Ikuskizun publikoak, hala nola kontzertuak, errezitalak, mintzaldiak, elkarrizketak, jendaurreko irakurketak eta abar egiteko, gutxienez areto bat prestatuta duten eraikin edo lokalak dira; horretarako, agertokia eta lokal osagarriak, kamerinoak, eserlekuak eta bestelako zerbitzu eta instalazioak izaten dituzte. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Zinematokiak
Erabiltzen den prozedura teknikoa dena delakoa ere, pantaila batean filmak emateko baizik ez prestatutako aretoak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Bideoak erakusteko lokalak
Banakako kabinen edo antzeko sistemen bidez, bideo filmak ematen dituzten lokalak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Hitzaldi eta erakusketa aretoak
Lokal itxiak dira, hurrengo ondoko jarduerak baizik ez egiteko: ikastaroak emateko, errezitaldiak, mahai inguruak, eztabaidak, irakurraldi publikoak, eta bilerak burutzeko eta eskultura, pintura, argazki, liburu eta higigarri erakusketak egiteko. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Kirol instalazioak
Kirol jardueretan, josteta nahiz lehiaketa helburuekin, aritzeko prestatutako leku eta lokalak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte. Honela sailkatzen dira:
- Estadioak: ikusleentzako mailadia, pabiloiak eta instalazio gehigarriak dituzten barruti estali gabeak, kirol jardueretan aritzeko.
- Kirol zelaiak eta pistak: jokaleku edo eremu mugatuak, eserleku eta beste instalazioekin, kirolaren hainbat modalitatetan jardun eta lehiatzeko prestatuak.
- Kirolguneak: eremu mugatuak pabiloi, zelai, pista, mailadi eta instalazio eta hainbat zerbitzurekin, aisiarako eta kirola egiteko prestatuak, baita kirol lehiaketarako ere, tarteka.
- Kiroldegiak: guztiz estalitako eraikin eta instalazioak, jendearentzako mailadiarekin edo gabe, hainbat kirol egiteko eta lehiatzeko.
- Gimnasioak: estalitako lokalak, instalazio eta aparatu egokiez hornituak, erabiltzaileek ariketa bidez prestakuntza fisikoa lor dezaten.
- Igerilekuak: eraikin edo barruti estaliak nahiz estali gabeak, harmailekin edo gabe, gutxienez igerileku bat dutenak beren espazio eta instalazioetan, jostetan, igerian eta igeriketaren kirol modalitateetan aritzeko. Zentzu hertsian, igerilekua bera bakarrik ere bai.
- Pilotalekuak: eraikin estali gabeak nahiz zati batean estaliak, baita eraikin edo pabiloi estaliak ere, jendearendako harmailekin edo gabe, gutxienez aurreko pareta dutenak eta, batzuetan, alde batekoa ere, baita kantxa eta kontrakantxa ere, euskal pilotan jokatu eta lehiatzeko.
- Trinketeak: pilotaleku itxiak, kontrakantxa gabeak, ezkerreko eta eskuineko paretak dituztenak.
- Kirol aretoak: araututako modalitateetan, birletan, billarrean edo mahai-tenisean jokatu eta lehiatzeko prestatuta dauden lokalak, sektoreko araudian ezarritako baldintzetan.
-
Gune natural prestatuak: ingurune naturalean prestaturiko eremuak, kirol arautuan, lehiaketa ofizialak barne, edo aisialdiko jardueretan aritzeko. Honakoak bereiziko dira:
- Beti balizatuta dauden eremuak.
- Aldian behin edo une jakin baterako prestatutako eremuak.
- Eremu libreak.
-
Zezen plazak
Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, zezenekin egiten diren ikuskizunak eskaintzeko prestatuta dauden lokalak dira.
-
Azokako pabiloiak
Merkataritzako helburuekin, produktuak, landareak, animaliak edo zerbitzuak erakusteko erabiltzen diren eraikin, lokal edo instalazioak dira, estaliak izan edo ez. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Jolas-parkeak
Elementu mekanikoen bitartez (besteak beste, zaldiko-maldiko, noria, txosna eta abarren bitartez), askotariko josteta jolasak eskaintzen dituzten barruti edo eremu mugatuak eta zerbitzu osagarriak dira. Horrela esaten zaie simulazio jokoetan eta taldekako jokoetan aritzeko establezimendu edo eremu mugatuei ere. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Haurren parkeak
Beti haurrak jostatzeko eta horretarako bakarrik erabiltzen diren establezimendu edo barrutiak dira. Helburu horrekin, jolasak eta zabuak edo beste edozein egitura mekaniko izaten dute instalaturik. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Zirkuak
Eraikin edo eraikuntza finkoak nahiz desmuntatzen direnak, harmailekin ikusleentzat, pista bat edo gehiago dituztenak, haietan malabaristak, orekariak, pailazoak eta abar aritzeko, elementu mekanikoekin (trapezioak, kableak eta abar) edo gabe. Animaliek ere hartzen ahal dute parte. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte.
-
Parke zoologikoak eta safari-parkeak
Animalia biziak erakusteko erabiltzen diren eremu edo barrutiak dira. Establezimendu hauetan edariak saltzen ahal dituzte
Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituen irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean kafetegi-taberna gisa jarduteko lizentzia duten establezimenduak taberna bezala katalogatuko dira formalki, hurrengo honakoa ukatu gabe: Udalek, interesatuek eskatuta eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatutakoan, dekretu horrek indarra hartu aurretik emandako jarduera lizentziak definitu beharko dituzte berriro, jardueraren izena eta funtzionatzeko araubidea establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoko definizioekin egokitzeko, enpresa eta lokalen erregistroan inskriba daitezen. Aurreko atalean aipatu bezala, berriro aztertu eta definitu ondoren, udalek Lokalari buruzko Fitxa berria beharko dute igorri Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura eta egindako aldaketa adierazi; emandako ebazpenaren kopia ere erantsiko dute.
b) Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak
Ikuskizun publikoen definizioa eta adibideak
Horrela esaten zaie arte, kirol edo kultura arloko jarduerak, antzezpenak edo erakusketak ikusteko jendea biltzen duten ekitaldi antolatu guztiei. Aipatzeko helburuarekin baino ez, honako hauek sartzen dira:
- Zezen ikuskizunak.
- Kirol lehiaketak.
- Zinema erakusketak.
- Antzerki saioak.
- Jaialdi eta kontzertuak.
- Zirkuko ikuskizunak.
- Dantza eta barietateak.
- Arte, kultura edo folkloreko antzezpen edo erakusketak.
- Desfileak eta erromeriak.
Josteta jardueren definizioa eta adibideak
Josteta jardueratzat hartzeko, enpresa batek hala lokalak edo instalazioak nola zerbitzuen erabilera edo enpresak berak antolaturiko ekitaldietan parte hartzea eskaini behar dizkio publikoari, dibertitzeko edo aisialdia pasatzeko helburuekin. Aipatzeko helburuarekin baino ez, honako hauek sartzen dira:
- Dantzaldiak.
- Gaueko jaiak eta antzekoak.
- Feria-jostetak.
- Animalia bizien erakusketak.
- Mintzaldi eta kongresuak.
- Arte eta kulturako erakusketak.
- Ostalaritza, bere kategoria guztietan.
- Josteta helburuko kirol jarduerak.
- Josteta eta zori jokoak.
Ikuskizun publiko eta josteta jarduerak burutzeko arau orokorrak
-
Lizentziak
- Ez da jende ororentzat den ikuskizun publiko eta josteta jarduerarik eginen eraikin, lokal edo instalazio batean, aldez aurretik Udalaren lizentzia eskuratu gabe.
- Behin-behineko instalazioetan, tokiz aldatu edo desmuntatzen direnetan ikuskizun edo josteta jarduerarik antolatzeko, lizentzia berezia beharko da, segurtasun baldintza egokiak betetzen direla frogatu ondoren eskuratuko dena.
-
Jarduera iraunkorrak
- Udalek ikuskizun publiko edo josteta jardueretarako lokalei ematen dizkieten jarduera eta irekitze lizentzietan zehazki adierazi beharko da zer jardueratarako diren, katalogoan ezarritako definizioei jarraituz, bai eta lokalaren gehieneko edukiera ere.
- Lokal bat katalogoan banan-banan definitutako jarduera batean baino gehiagotan aritzekoa denean, lizentziek jarduera bakoitza adieraziko dute. Halakoetan, jarduerek bateragarriak izan behar dute; alegia, ordutegi, zerbitzu eta gehieneko edukiera berbera izan beharko dute, eta ordutegiek, zerbitzuek eta gehieneko edukierak baimendutakoak izan beharko dute. Salbuespen bakarrak gazteentzako diskotekei dagokienez ezarritakoa da, eta irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuko laugarren xedapen gehigarrian eta jarduera bakoitzaren sektoreko araudian ezarritakoa. Lokalak espazio ezberdinak baditu, bakoitzaren gehieneko edukiera adierazi beharko da.
- Artikulu honetan aipatu lizentziak eskuratuta, ez da libratuko aplikatu behar zaion araudi berariazkoan ezarritako baimenak eskuratu behar izatetik.
-
Aparteko jarduerak
- Jarduera baterako lizentzia duen lokal bateko enpresa titularrak, salbuespen gisa, bestelako jarduera bat egin gogo badu, harekin bateragarria eta katalogoan sartua dagoena, baimen berezia eskatu beharko dio Udal eskudunari hamabost egun lehenagotik bederen. Eskaeran zein jarduera apartekoa, katalogoko definizioen araberakoa, egin gogo den adieraziko da, eta horri teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria erantsiko zaio, lokalak jarduera hori burutzeko segurtasun baldintza egokiak betetzen dituela egiaztatzeko.
- Baimenak ezarri beharko du noiz arte balio duen. Urte berean baimena behin baino gehiagotan eskatzen bada, udalak eskaerak onartu ez eta interesatuari eskatzen ahal dio jarduera lizentzia zabaltzeko eskaria egiteko.
- Jarduera hasteko data baino hiru egun lehenago bederen eman edo ukatuko da aurreko ataletan aipatu baimena eta hurrengo hogeita lau ordu baino lehen jakinaraziko zaio interesatuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
(1). Jatetxeko eta taberna bereziko jarduerak batera egiten ahalko dira establezimendu berean, betiere lokalak beharrezko lizentziak baditu eta jarduerok espazio ezberdinetan egiten badira.
|
|