|
2.2.2 Enpresa eta lokalen erregistroak
-
Antolamendua
-
Ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako enpresa eta lokalen erregistroak atal hauek izan beharko ditu:
- Lehen Atala.
- Bigarren Atala.
- Lokal jakin batean ez diharduten ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresek, ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak egin baino lehen, aipatu Erregistroko Lehen Atalean beharko dute inskribatu. Horretarako, irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren I. Eranskinean eredu gisa datorren inprimakia, "Enpresaren fitxa" izenekoa, beteko dute.
- Irekitze lizentzia eskuratua duten lokal guztiek aipatu Erregistroko Bigarren Atalean beharko dute inskribatu. Horretarako, irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren II. Eranskinean eredu gisa datorren inprimakia, "Lokalaren fitxa" izenekoa, beteko dute.
- Udalek Enpresa eta Lokalen Erregistroan egiten dituzten idazpen guztiak jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gobernuari; halaber, baita Erregistroko datuetan egiten diren aldaketak. Jakinarazpen horietan oinarrituta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ikuskizun publiko eta josteta jardueretan diharduten enpresa eta lokalen erregistro orokorra mantenduko du. Ondoko artikuluko 2. atalean ezarritakoari jarraituz, inskripzioa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Erregistroan egin behar denean, enpresak helbidea zein udalerritan eduki eta hango Udalari jakinaraziko zaio idazpena.
- Udalek eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak edozein unetan eskatzen ahal dute beren erregistroetako datuak gehitu, argitu edo eguneratzeko, eta interesatuak behartuta daude haiek ematera.
-
Enpresen inskripzioa
- Enpresaren Fitxa ikuskizun publiko edo josteta jarduerarako baimena emateko eskumena duen udalean aurkeztuko da. Enpresa pertsona juridiko bat bada, sozietatea eratzeko eskrituraren kopia eta eskatzailea ordezkaria dela egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da. Elkarte bat bada, dagokion erregistroan inskribatuta dagoela eta eskatzailea ordezkaria dela egiaztatzen duten dokumentuak erantsi beharko dira.
- Enpresaren Fitxa eta aurreko atalean aipatu dokumentazio osagarria Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan aurkeztuko dira berak eman behar badu baimena enpresak burutu beharreko ikuskizun publiko edo josteta jarduerarako.
- Udalak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak uko eginen dio enpresa inskribatzeari Enpresaren Fitxan adierazitako datuak gezurrezkoak edo osatu gabeak direnean, edo eskatzen diren dokumentu osagarriak aurkezten ez badira.
- Enpresen Erregistroko inskripzioak bost urtez balioko du, eta haien buruan berritzeko eskatu beharko da. Enpresaren Fitxan jasotako daturen bat aldatuz gero, beste Fitxa bat aurkeztu beharko da, eguneratuta.
-
Lokalen inskripzioa
- Establezimendu publikoa irekitzeko lizentzia emanik, udal eskudunak Lokalaren Fitxako datu guztiak beteko ditu.
- Establezimenduan egiten den ikuskizun publikoa edo josteta jarduera antolatzen duen enpresak eguneratuta edukiko du beti Lokalaren Fitxa, eta dagokion Udalari jakinaraziko dizkio fitxan jasotako datuetan gertatzen diren aldaketa guztiak.
- Enpresa antolatzailearen titulartasuna aldatuz gero, horren berri emanen dio enpresa berriak Udalari, lokalean jarduera hasi baino lehen.
-
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraztea
- Fitxak eta fitxetako aldaketak jasotzen dituzten udalek haietako bakoitzeko ale bat igorriko diote Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, inskripzio egunetik hamabost eguneko epean.
- Lokal jakin batean ez diharduten ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresen kasuan, Lokalaren Fitxarekin batera jarduera lizentziaren kopia igorriko da, hura nahitaezkoa denean; halaber, irekitze lizentziaren kopia.
|
|