2.4.2 Ostalaritzako jarduera ez-iraunkorrak
Urteko sasoi batzuetan janari edo edariak zerbitzatzen dituzten instalazio edo establezimenduak dira, baita gertakari edo bilera publikoetarako instalatzen direnak ere, ibilgailuak barne direla. Jarduera hauek udal baimena beharko dute eta eskatzen ahal diren higiene eta osasun baldintzak bete beharko dituzte.
Ostalaritza ez-finkoko jardueren baldintza teknikoak.
Indarra duen legerian ezarritakoez gain, ostalaritza ez-finkoko jarduerek honako baldintza teknikoak bete beharko dituzte:
Jarduera hauek zikinkeriaren edo osasunerako arriskuen edozein iturritatik distantzia egokira kokatu beharko dira, eragin kaltegarriak saihesteko.
Zoruak garbitu ahal izateko modukoak izanen dira eta ez dute hondakin solido edo likidorik metatuko.
Janari eta edariak etxoletan edo behar bezala estalitako instalazioetan manipulatuko dira, eta janariak biltegiratu edo manipulatzen diren guneetara bezeroek sarrerarik ez izateko sistemak jarriko dira.
Instalazioek giza kontsumorako ura izanen dute tresnen eta langileen garbitasunerako harraska eta konketetan, eta saneamendu sareari konektaturiko hustubidea izanen dute. Horrez gain, janariak prestatzen badira edo baxera behin eta berriz erabiltzekoa bada, harraska eta/edo konketek giza kontsumorako ur beroa izan beharko dute. Eskuak garbitzeko konketek eskuen garbiketarako tresna higienikoak izanen dituzte.
Janariak biltegiratu eta manipulatzen diren guneak behar bezala bereiziko dira zerbitzu higienikoetatik eta ezin izanen dira erabili lo egiteko edo berariazko erabilera horietatik kanpoko jardueretarako.
Janariekin zuzeneko edo zeharkako ukipena izan dezaketen material guztiek janarien kutsadurarik eragiten ez duten ezaugarriak eduki behar dituzte.
Janariak manipulatzeko erabiltzen diren gainazalak edo janariek ukitzen ahal dituztenak leunak izanen dira, material geldoz eginak, ez-xurgatzaileak eta erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak. Ez dira zurezkoak izanen.
Hotzean kontserbatu behar diren janarietarako behar adinako hozkuntza ahalmena izanen da.
Jarduera hauen titularrek udal baimena eskatu beharko dute jardunean hasi baino lehen. Instalazioen plano edo krokisak eta memoria aurkeztuko dituzte. Memorian azalduko dute zer nolako jarduerak eginen diren, zein janari eskainiko diren eta nola manipulatuko diren. Halaber, eskatzen ahal diren baldintza teknikoak eta higiene eta osasun baldintzak betetzeko konpromisoa hartuko dute.
Ostalaritza ez-finkoko jardueren higiene eta osasun baldintzak.
Indarra duen legerian ezarritakoez gain, ostalaritza ez-finkoko jarduerek higiene eta osasun baldintza hauek bete beharko dituzte:
Janari guztiak etiketaturik egonen dira, eta dagokien osasun edo merkataritza dokumentazioa izanen dute.
Bezeroentzat ikusgai dauden janariak behar bezala babestuko dira bitrina, ontzi edo bilgarrien bidez. Hotzean kontserbatu behar diren janariak bitrina hotzetan jarriko dira ikusgai.
Erabili eta botatzeko baxera erabiliko da. Behin eta berriz erabiltzeko baxera onartuko da ontzi-garbigailua baldin badago, ur beroarekin eta zerbitzuaren behar guztietarako adinako edukierarekin.
Erabili eta botatzeko poltsa duten ontziak edukiko dira, sortzen diren hondakin solidoak uzteko.
Hondakin likidoak (frijitzeko erabilitako olioak eta koipeak) ontzi itxi eta identifikatuetan bilduko dira eta enpresa baimenduek eramanen dituzte. Hori egin dela frogatzen duten agiriak ikuskapen zerbitzuen eskura egonen dira.
Lanaldiaren amaieran garbitu eta desinfektatu eginen dira tokia eta erabilitako tresnak. Garbiketa egiten den bitartean janariak ongi babestuko dira.
Langileek janarien higieneari buruzko prestakuntza egokia eta etengabea jasoko dute, beren egitekoen araberakoa. Prestakuntza hori agiri bidez egiaztatuko da.
Manipulatzaileek higiene eta garbitasun pertsonala zainduko dute. Janariak prestatzeko eta lan egiteko jantzi garbiak erabiliko dituzte, kolore argikoak, egokiak eta lanerako baizik ez direnak.
Betiere, lanean higiene eta osasun baldintza egokiak beteko dira.
Ostalaritza ez-finkoko jardueretan berariaz debekaturik dago:
Janariek lurra ukitzea biltegiratze edo manipulazio prozesuetatik edozeinetan.
Ontziratu gabeko janariak manipulatzea horretarako ez diren tokietan.
Etxe partikularretan eta baimenik gabeko establezimenduetan prestatutako janariez hornitzea.
Frijitzeko olioak eta koipeak estolda edo saneamendu sare nagusira isurtzea.
Janariak manipulatzen ari diren bitartean erretzea, jatea, txiklea mastekatzea edo higienearen kontrako beste edozer egitea. Halaber, lanean ari delarik, kutsadura iturri izan daitekeen beste edozein jarduera aldi berean egitea.
Janariak prestatu, kontsumitu edo biltegiratzen diren tokietan animaliak sartu edo egotea, itsuen gidazakurrak izan ezik; hauek bezeroentzako gunean egoten ahalko dira.
Janari prestatuak edo prestatu gabekoak kalez kale saltzea gurditxo eta ibilgailuetan, ez bada egiten ordenantza honetan adierazitako moduan.
|