Merkataritza eta ostalaritzara ongi etorria emateko CDa
 CASTELLANO   HASI 
 
Ayuntamiento de Pamplona TXIKIZKAKO MERKATARITZA

OSTALARITZA

LAGUNTZAK ETA DIRU-LAGUNTZAK

HELBIDE ERABILGARRIAK

MAIZ EGITEN DIREN GALDERAK
 
 
 2.5. OSTATU TURISTIKOARI, SUKALDARITZARI, BITARTEKOTZA TURISTIKKOARI, JARDUERA TURISTIKO OSAGARRIEI ETA LANBIDE TURISTIKOEI BURUZKO ARAUAK
 IMPRIMATU 
 

2.5.1 Ostatu turistikoak

Ostatu turistikoak:

  • Hotelen arloko establezimenduak.
  • Turismorako kanpalekuak.
  • Turismorako aterpetxeak.
  • Landa-etxeak.
  • Turismorako apartamentuak.

Ostatu turistikoa jendeari irekiriko establezimendua da, eskatzen duten erabiltzaile turistikoei aldi baterako ostatu zerbitzua ematen diena, diru truk, bestelako zerbitzu osagarriak emanda edo eman gabe.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru lege honetatik kanpo gelditzen dira:

  • Entitate pribatuek beren kideek ez bestek erabiltzeko zerbitzua ematen duten ostatuak.

b. Eskola, kultura, ingurumen, erlijio edo kirolaren alorreko jarduera nagusien menpeko ostatu osagarria, turismorako merkaturatzen ez bada.

c. Erakunde ofizial, ongizate, laguntza edo lan alorretarako ostatuak edo administrazioak gazteendako edo zaharrendako programen barruan darabiltzanak, berariazko arauak izanen baitituzte.

d. Ostatu turistikoen mota bakoitzean espresuki baztertzen direnak.

Ostatu turistikoa ustiategi bakarreko irizpideari jarraituz antolatuko da, halako moldez non enpresa-titulartasun bakarrekoa izanen den jarduera, establezimendu bakoitzean edo ostatu multzo bakoitzean, eraikin edo horren zati homogeneo bakoitzean; betiere, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean aurreikusten den ostatu motaren bati dagokionean.

Motak, kategoriak eta bereizgarriak: Ostatu turistikoko establezimenduak honelaxe sailkatzen dira:

  • Hotelak.

  • Turismorako kanpalekuak.

  • Turismorako aterpetxeak.

  • Landa-etxeak.

  • Turismorako apartamentuak.

  • Arau berezien xede den beste edozein.

Erregelamendu bidez, ostatuak kategorien arabera sailkatuko dira. Sailkapen horretan zerbitzu eta instalazioen kalitatea baloratuko dira. Betiere, honako hauek hartuko dira aintzakotzat:

  • Establezimendua zein eraikinetan edo eremutan kokaturik egon eta hango egoera eta gainerako inguruabarrak.

  • Logelen, bainugelen eta bezero guztiek erabiltzeko instalazioen egoera eta hornidura.

  • Ezgaituendako zerbitzuak.

  • Zerbitzu osagarriak.

  • Eskaintzaren kalitatea, oro har, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez.

  • Establezimendua zaindu, mantendu eta hobetzeko eginiko ahaleginak eta ingurumena zaindu, energia aurreztu eta energia berriztagarriak erabiltzekoak ere bai.

Arrazoiak emanda, turismo arloko administrazioak establezimendu bat salbuesten ahalko du Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean edo hau garatzen duten erregelamenduetan ezartzen diren gutxieneko betebehar teknikoetakoren batetik, inskribatu edo kategoria batean sartzerakoan, gertatzen diren inguruabarrengatik ez betetze hori instalazioen eta egin ditzakeen hobekuntzen orotariko balorazioarekin orekatzen bada.

Ostaturako establezimendu guztietan nahitaezkoa izanen da atari nagusiaren ondoan erregelamendu bidez xedatzen denaren araberako plaka normaldu bat erakustea, non establezimendu motaren eta haren sailkapenaren bereizgarria agertuko baita.

Ostaturako establezimenduek egiten duten publizitatean eta fakturetan haien kategoriak agertu beharko du.

Ostaturako establezimenduen kalitate baldintzak:

  • Ostaturako establezimendu guztiek hirigintza, eraikuntza, etxegintza, instalazio, osasun, kontsumo, segurtasun, higiene eta ingurumenaren babesaren alorretan indarra duten arauak bete beharko dituzte.

  • Turismorako establezimendu guztiak behartuak daude beren instalazioak ongi zaintzera eta sailkapen eta erregistrorako gutxieneko baldintzak mantentzera.

  • Kategorien araberako sailkapenaren osagarri, erregelamendu bidez kalitatearen araberako sailkapen sistema bat ezartzen ahalko da, instalazio, zerbitzu eta langileen gaitasunaren kalitatea baloratu eta frogatzen dituena.

Hotelen arloko establezimenduak.
Hotelen arloko establezimenduak mota hauetakoak izan daitezke:

  • Hotela: establezimendu mota honek eraikin oso bat edo haren zati bereizi bat hartu behar du. Sarrerak, eskailerak eta, behar izanez gero, igogailuak eduki beharko ditu, bezeroek bereizirik eta bakarrik erabiltzekoak.
    Salbuespen gisa eraikin oso batzuk hartzen dituzten hotelak ere onartuko dira, multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen badute.

  • Landa hotela: landa ingurunean dagoena, balio arkitektoniko bereziko ondasun higiezin batean kokatua, edo eskualdeko arkitektura tradizionalaren araberakoa dena.
    Landa-hotelek ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte: bost mila biztanletik beheitiko herrietan egotea (nolanahi ere, zilegi izanen da hamar mila biztanlera arteko herrietan egotea, herriguneetatik at baldin bada); gehienez hiru solairu izatea, beheko solairua eta txapitula erako eremua alde batera utzia; gehienez hogeita hamar logela izatea; eta jantoki zerbitzua edo gela zerbitzua izatea, gosari eta afari zerbitzua bermatzeko moduan.

  • Apartamentu-hotela: ondoko ezaugarri hauek dituen establezimenduak: hotel baten berariazko baldintzak betetzea, ostatu hartzeko unitate bakoitzean elikagaiak gorde, prestatu eta kontsumitzeko instalazio egokiak edukitzea, altzari egokiez hornitutako egongela-jantokia eta logela izatea, edo, bestela, bi gela horiek dituen estudio bat.

  • Hostala: hotel baten berariazko baldintzak beterik, bezeroek bakarrik erabiltzeko sarrerak, eskailerak eta igogailuak ez dituen establezimendua. Ondoren aipatzen diren ezaugarriak betetzen dituztenak landa-hotel deklaratuko dira:

    • Gehienez hogeita hamar logela izatea.

    • Bost mila biztanletik beheitiko herrietan egotea. Nolanahi ere, zilegi izanen da hamar mila biztanlera arteko herrietan egotea, herriguneetatik at baldin bada.

    • Balio arkitektoniko berezia duen edo eskualdeko arkitektura tradizionalaren araberakoa den etxe batean egotea.

  • Apopilo-etxea: hotel edo hostal modalitatean sartzen ez den establezimendua.

Establezimendu bakoitzerako betebehar teknikoak Nafarroako Foru Komunitateko Ostatu Establezimenduak Antolatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuaren 2., 3., 4. eta 5. eranskinetan jasotzen dira.

Halaber, araudi honek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko betebeharra arautzen du, funtzionamendu, prezio eta erreserbetarako arauak eta zehapenen araubidea.

Funtzionamendu, prezio eta erreserbetarako arauak:

  • Bezeroak onartzea. Onartu baino lehen, bezero guztiei sarrera agiri edo fitxa bat emanen zaie, eta bertan azalduko dira, gutxienez, establezimenduaren izena eta kategoria, ostatu hartzeko unitatearen identifikazioa, gela hartuko duten pertsonen kopurua, ohe osagarriak eskatu dituen, sartu eta ateratzeko egunak eta prezioa. Bezeroak agiri hori sinatu beharko du.

  • Prezioen publizitatea. Zerbitzu guztien prezioek ahalik eta publizitaterik handiena izanen dute, eta hartan ostatuaren zerbitzuak eta eskaintzen diren zerbitzu osagarriak azalduko dira. Prezioak toki nabarmenean agertuko dira, ikusi eta irakurtzeko errazak, eta, beti ere, establezimenduaren sarreran edo harrera-lekuan jarriko dira.

  • Egonaldia eta logelen prezioa. Besterik itundu ezean, ostatu unitatearengatik eguneko prezioa kobratuko da, establezimenduan egindako gauen kopuruaren araberakoa. Egun bakoitza eguerdiko hamabietan amaitzen dela ulertuko da. Ur hornidura, argindarra, berokuntza, hozkuntza, erregaia, ohe eta komunerako arropa, garbiketa eta, horrelakorik bada, aparkalekuak, aire zabalean badaude, zainduak ez badira eta toki erreserbatuak ez badituzte, ostatu hartzeko unitatearen prezioaren barruan egonen dira. Bezeroek eskatuz gero, ohe osagarriak jartzen ahalko dira. Ohe horiek gela batean jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da gela hori gutxieneko azalera baino % 25 handiagoa izatea. Bezeroak eskatuta, sehaskak jartzen badira, horiek ez dira ohe osagarritzat hartuko eta doan utziko dira.

  • Erreserbak. Bezeroaren eta establezimenduaren artean berariazko kontratu bidezko harremanik ez badago, erreserbak baldintza hauei jarraikiz eginen dira:

    • Establezimenduek erreserbak, hitzartutako prezioa eta aurrerakin gisa eskatutako diru kopurua berretsiko dituzte, jasota uzteko bidea ematen duen edozein moduren bitartez.

    • Aurrerakina erreserbaren pertsona eta egun kopuruaren arabera kalkulatutako zenbatekoaren % 40koa izanen da gehienez.

    • Erreserbari uko egiten baldin bazaio egonaldia hasi baino 7 egunetik 15 egunera bitarteko epean, establezimenduak zilegi izanen du aurrerakinaren % 50 beretako gordetzea.

    • Uko egitea establezimenduan sartu aurreko 7 egunetan eginez gero, aurrerakin gisa jasotako zenbatekoa establezimenduaren eskuetan geldituko da.

    • Bezeroak, aldez aurretik abisu eman gabe, egonaldia hasteko egunaren arratsaldeko 8ak baino lehen ailegatzen ez badira, erreserba baliogabetzat hartuko da.

  • Otordu zerbitzua. Landa hoteletarako xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ostatu establezimenduek aukeran izanen dute jantoki zerbitzua ematea edo ez ematea. Zerbitzu hori establezimenduaren bezeroei bakarrik nahiz pertsona guztiei ematen ahalko zaie, eta azken kasu horretan, jatetxeei aplikatzen zaizkien berariazko arauei jarraikiz jokatuko da.

  • Fakturak. Ostatu establezimenduek faktura bat eman beharko die bezeroei, arlo hori erregulatzen duen araudiari jarraikiz. Fakturetan ondoko datu hauek azalduko dira gutxienez: establezimenduaren izena, modalitatea eta sailkapena, bezeroaren izena eta identifikazioa, erabili den ostatu unitatea, ostatu hartu duten pertsonen kopurua, eman zaizkien zerbitzuak, egun eta kontzeptuen arabera zehaztuak, eta sarrera eta irteera egunak.

  • Erreklamazio orriak. Ostatu establezimenduek erreklamazio orriak eduki beharko dituzte erabiltzaileen eskura eta hori iragarri beharko dute ongi ikusten den tokian, araudian ezarritakoari jarraituz.

Ostatu establezimendu guztien betebehar teknikoak eta baldintzak:
Ostatu establezimenduek indarra duten arauak bete beharko dituzte: hirigintza eta eraikuntzaren arlokoak, instalazioei buruzkoak, osasun eta kontsumoari buruzkoak, segurtasunekoak, suteei aurrea hartzekoak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeko arauak, higieneari eta ingurumenaren babesari buruzkoak, eta aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak.

Gela egokituak. Ostatu establezimenduek ezgaitasunak dituzten pertsonentzako gela egokituak izan beharko dituzte, 50 gelatik bat, gutxienez.

Kalitate baldintzak. Instalazioak, altzariak, dekorazio elementuak, objektuak eta tresnak establezimenduaren kategoriaren araberakoak izanen dira, eta ongi funtzionatzeko eta garbiak mantenduko dira.

Gelen identifikazioa. Gelak identifikatzeko, zenbaki bat jarriko da bakoitzaren atearen kanpoko aldean. Bestelako identifikatzaile osagarriak ere paratzen ahalko dira. Gelek solairu bat baino gehiago hartzen baldin badute, haiek identifikatzen dituen zenbakiaren lehenbiziko zifran edo zifretan solairua adieraziko da, eta gainerakoetan, ordea, gelaren hurrenkera zenbakia.

Argiak eta aireberritzea. Gela guztiak zuzenean argiztatu eta aireberrituko dira, kanpoaldetik edo etxarte batetik. Kanpoko argizuloek gutxienez ere 0,5 metro karratuko azalera izanen dute eta gelaren plantako eremu erabilgarriaren % 5 hartuko dute. Halaber, iluntzeko sistemaren bat izanen dute, argia sartzeko bidea erabat kentzeko modukoa.

Logelen ekipamendua. Ostatu establezimenduetako logela guztiek ondoko elementuak izanen dituzte gutxienez:

  • Oheak, plaza kopuruaren arabera. Bi lagunentzako oheak 1,35 metro zabal izanen dira gutxienez, eta lagun bakarrekoak 0,90ekoak.

  • Gau-mahaiak, plaza kopuruaren arabera.

  • Armairu bat, horman sartua edo ez, apalez hornitua eta esekigailuak dituena, behar bezalako kopuruan.

  • Besaulki bat edo aulki bat.

  • Burualdeko lanparak edo aplikeak, ohe bakoitzetik erabiltzeko modukoak.

Komunak. Komunek bainuontzia eta/edo dutxa, konketa eta komunontzia izanen dituzte. Komunek aireberritze sistema izanen dute, zuzena edo artifiziala, airea etengabe berritzeko moduan.

Garbiketa zerbitzua. Ostatu establezimendu guztietan garbiketa zerbitzua behar den maiztasunez eginen da, egunean behin gutxienez.

Osasun materiala. Ostatu establezimenduek lehen laguntzetarako osasun materiala izanen dute.

Turismorako kanpalekuak.
Kanpaleku turistikoa da ongi mugaturiko lurra, egokitua eta behar diren instalazio eta zerbitzuak dauzkana, pertsonei aire zabalean bizitzeko toki bat aldi baterako emateko erabiltzen dena, diru truk, oporretarako edo turismorako, betiere kanpadendak, karabanak edo toki batetik bestera eraman daitezkeen antzeko tresnak erabilita.

Kanpaldi libreak, gazteen kanpaldiek eta turismorako kanpalekuetatik kanpo egiten diren kanpaldiek berariazko arauak izanen dituzte.

Artikulu honetako lehenbiziko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, turismoaren alorrean eskumena duen organoak baimena ematen ahalko du, eremuak ehunekoa gainditzen ez duenean eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzak betetzen dituenean, osagai finko hauek paratzeko, erabiltzaileen edo langileen taldekako beharrak betetzekoez gain:

  • Ostaturako erabiltzen direnak, aurrefabrikatuak, zurezkoak edo antzekoak, bungalow motakoak, kanpalekuaren titularrak ustiatzen baditu.

  • Askorentzako logeletan ostatu emateko erabiltzen diren instalazioak.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira turismorako kanpalekuei eta haien kategoriei eskatzen ahal zaizkien betebehar teknikoak.

Turismorako aterpetxeak.
Turismorako aterpetxeak publikoari askorentzako logeletan ostatu zerbitzua eta inguruneari loturiko jardueraren bat eskaintzen ohi dioten establezimenduak dira, betiere lanbidez eta diru truk eskainita.

Ez dira turismorako aterpetxeak:

  • Turismorako kanpalekuetan askorentzako logeletan ostatu emateko erabiltzen diren instalazioak

  • Askorentzako logeletako ostatuak, talde edo erakunde bateko kidea izatea bada haiek erabiltzeko baldintza.

  • Askorentzako logeletan diru ordainik gabe ematen denean ostatu, edo pagatzen den dirua dohaintza bada edo ostatu ematen duenarendako gastuen ordain hutsa bada.

  • Gazteen aterpetxeen sareko gazteen aterpetxeak, berariazko araudia izanen baitute.

Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuak establezimendu hauen sailkapena, funtzionamendu arauak eta gutxieneko eta kategoriaren araberako betebeharrak eta baldintzak arautzen ditu.

Landa-etxeak.
Landa-etxeak ostatu ematen duten establezimenduak dira, mantenua barne edo ez, diru truk, eraikina landa ingurunean badago eta haren ezaugarri estetikoak eskualdeko arkitektura tradizionalarenak badira.

Ekainaren 28ko 243/1999 Foru dekretuak arautzen du landa-etxeetako ostatua.

Turismorako apartamentuak.
Turismorako apartamentuak etxebizitza-eraikinak, etxeak, villak, txaletak edo antzekoak edo haien multzoak, diru truk eta egun, aste edo hilabeteka ostatu ematen dutenak dira, elikagaiak eta zerbitzuak zaindu, prestatu eta jateko instalazio eta ekipo egokiak dituztelarik, norbaitek bertan berehala ostatu hartzeko moduan, betiere erregelamendu bidez ezartzen diren betebeharrak betetzen dituztela.

Betiere jendearen arretarako bulego bat eduki beharko dute, langilez behar bezala hornitua.

Turismorako apartamentuak arautzen dituen araudia da 1967ko urtarrilaren 17ko Agindua, turismorako apartamentuak, "bungalow-ak" eta antzeko ostatuen antolaketa onesten duena.



   PREGUNTAS FRECUENTES
Ostatu turistikoak
Sukaldaritza
Bitartekotza turistikoa
Lanbide turistikoak
Jarduera turistiko osagarriak
Turismoaren alorreko eskubide eta betebeharrak
Arau-hausteak
Subjektu erantzuleak
Zehapenak
Baliabide Turistikoen Datu Basea
   Argibide gehiago, hemen:  Iruñeko Udalaren Merkataritza eta Turismoko Alorrak.  Tfno: 948 420 734         comercio@ayto-pamplona.es         www.pamplona.net         www.camaranavarra.com