|
2.5.6. Turismoaren alorreko eskubide eta betebeharrak
-
Erabiltzaile turistikoen eskubide eta betebeharrak
Erabiltzaile turistikoak dira zerbitzu turistikoren baten azkeneko hartzaileak diren pertsona fisiko edo juridikoak.
Erabiltzaile turistikoek berariazko eskubide hauek izanen dituzte:
- Eskaintzen zaizkien ondasun eta zerbitzuen gainean informazio egiazkoa, osoa eta zehatza kontratua izenpetu aitzin hartzeko eskubidea. Informazio hori ematen duten enpresa eta establezimendu turistikoendako loteslea izanen da.
- Ondasun eta zerbitzuen kalitatea kontratuaren araberakoa izateko eskubidea.
- Beste alde kontratatzailearengandik kontratuko baldintzak frogatzen dituzten agiriak lortzeko eskubidea, baita legeen arabera eginiko fakturak ere.
- Zerbitzu turistikoak erabiltzerakoan arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen beste edozein gorabeheragatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.
- Hartzen dituzten zerbitzu turistikoetan beren eta bere ondasunen segurtasuna bermaturik edukitzeko eskubidea, indarra duten erregelamenduetan xedatu bezala.
- Kexak eta erreklamazioak aurkezteko eskubidea.
- Kontsumoko Arbitraje Batzordeari helegiteak aurkezteko eskubidea.
Erabiltzaile turistikoek berariazko betebehar hauek izanen dituzte:
- Nafarroako Foru Komunitateko ingurune, gizarte eta kulturarekiko begirunea izatea.
- Bisitatzen dituzten tokietako eta zerbitzuak ematen dizkieten enpresa eta establezimenduen berezko agindu eta arauak betetzea, legeen kontrakoak ez badira.
- Establezimendu turistikoak ongi erabiltzeko higiene eta bizikidetzarako emaniko arauak betetzea eta beste erabiltzaile turistikoak, enpresa eta establezimendu turistikoetako langileak, establezimenduak berak, eta erabiltzen dituzten instalazio eta jabetzak errespetatzea.
- Kontrataturiko zerbitzuen prezioa pagatzea. Kexa edo erreklamazio bat aurkezteak ez du inoiz ere salbuetsiko ordaindu beharretik.
- Eskainiriko zerbitzuak erabiltzeko arauak errespetatzea.
-
Enpresa turistikoen eskubideak.
Enpresa turistikoek eskubide hauek izanen dituzte:
- Bere establezimenduen instalazio, ezaugarri eta berariazko eskaintzari buruzko argibideak Nafarroako Foru Komunitateko turismo administrazioaren katalogo, direktorio, gidaliburu eta informazio sistemetan agertzeko eskubidea, administrazio hark ezartzen dituen baldintzetan.
- Foru Komunitateko administrazioak sustapen turistikorako egiten dituen ekintzetan parte hartzeko eskubidea, hark ezartzen dituen baldintzetan.
- Bere ekitaldiak egin eta bere zerbitzuak eskaintzeko behar den inskripzioa turismo administraziotik lortzeko eskubidea, foru lege honetan ezartzen diren kasuetan.
- Sektorea garatzeko turismo administrazioak ezarririko laguntzak eskatzeko eskubidea.
- Bere bidez edo sektoreko elkarteen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean turismoa garatzeko edozein ekitaldi proposatzeko eskubidea.
- Eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzeko arauak emateko eskubidea, indarra duten legeen kontra jotzen ez badute.
Enpresa turistikoek foru lege honetan eta hau garatzen duten arauetan ezartzen diren betebeharrak izanen dituzte; partikularki, ondokoak:
- Bezero edo erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen edukia, baldintzak eta prezioa aurretiaz jakinaraztea.
- Kontratuko baldintzen arabera, zerbitzuak kalitaterik handienaz ematea eta ezarri edo itunduriko prezioen arabera fakturatzea.
- Zerbitzuen prezioak eta sailkapenaren bereizgarria ikus daitekeen tokian jartzea.
- Arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen beste edozein gorabeheragatik bereizkeriaz ez tratatzea erabiltzaileak eta ordenamendu juridikoan ezarri bezala ezgaituei establezimenduetan sartzeko erraztasunak ematea.
- Instalazioak eta zerbitzuak funtzionatu eta erabiltzeko ongi edukitzea eta erabiltzaileari tratu zuzen eta egokia ematea.
- Erabiltzaileari kexak eta erreklamazioak aurkezteko behar dituen agiriak ematea, hark hala eskatuz gero.
- Administrazio publikoei beren eskumenak erabiltzeko behar dituzten argibide eta agiriak ematea.
- Jarduera, establezimendua edo enpresa ukitzen duen beste edozein legetan ezartzen diren betebeharrak betetzea.
- Beren erantzukizunpeko balizko arriskuen aurrean, erantzukizun zibila bermatuko duen poliza kontratatzea, formari eta zenbatekoari dagokionez ezartzen den moduan.
|
|