|
2.5.7. Arau-hausteak
Turismoaren alorreko arau-hauste administratiboak Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean tipifikatzen diren egite edo ez-egiteak dira.
Turismoaren alorreko arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Foru lege honetan aipatzen diren arau-hausteak honelaxe preskribituko dira: oso larriak hiru urtera, larriak bi urtera eta arinak sei hilabetera. Arau-hausteak preskribitzeko epea araua hausten den egunetik zenbatzen hasiko da.
Etengabeko jarduera baten ondoriozko arau-hausteetan, preskribitzeko epea jarduera arau-hauslea bukatzen den egunean hasiko da, edo, bestela, araua hausten duen azkeneko egintza egiten denean.
Preskripzioa eten eginen da, behin interesdunari jakinarazita zehapen espedientea irekitzen denean.
-
Arau-hauste arinak
Hona hemen arau-hauste arinak:
- Kontrataturiko zerbitzuak haien izaeraren eta hitzarturiko baldintza eta zehaztapenen arabera ez egitea.
- Establezimendu turistikoetako lokal, instalazio, altzari eta tresnen aurkezpen eta funtzionamendu baldintzetan akatsak izatea.
- Erabiltzaileak ongi ez tratatzea.
- Bezeroari prezioaren parte bat ezkutatzea, eskatu ez dituen edo adierazi ez diren prestazioak emanez.
- Kontratatu ez diren zerbitzu edo ondasunak erabili edo kontsumitzera behartzea, edo eskaini ez diren baldintzetan.
- Turismoaren alorrean eskudun den administrazioari establezimenduaren titulartasunaren aldaketak edo turismoari buruzko arautegiak eskatzen dituen argibideak ez jakinaraztea.
- Enpresa, instalazio edo zerbitzuaren araubide eta funtzionamendu egokirako eta erabiltzailea babesteko berme gisa ezarritako kontratu, agiri, faktura, argibide edo erregistroei buruzko arauak, nahitaez bete beharrekoak, ez betetzea.
- Kontratua bukatutzat emateko edo egin beharreko zerbitzuak bertan behera uzteko arauak ez betetzea.
- Erreklamazio orririk ez edukitzea edo eduki bai baina eskatuz gero horrelakorik ez ematea.
- Turismo enpresarekiko harremanaren baldintzak frogatzen dituzten agiri guztiak eta, betiere, legez eginiko fakturak, bezeroari ez ematea.
- Erregelamendu bidez ezarritako establezimenduetan nahitaez erakutsi beharreko bereizgarriak ez edukitzea edo, erakutsita ere, eskaturiko betebeharrak haiek ez betetzea.
- Produktu eta zerbitzuei eta haien prezioei buruzko publizitatea arautzen duten xedapenak ez betetzea.
- Zerbitzu batzuk arautu ditzaketen agindu berezien publizitaterik eza.
- Establezimenduaren egitura, tamaina edo ezaugarriak administrazioari jakinarazi gabe aldatzea, jakinaraztea beharrezkoa denean.
- Kanpaleku turistikoetan kanpaleku unitatearenak ez diren osagaiak jarraian paratu edo kokatzeko baimena ematea.
- Oro har, turismoari buruzko arautegian ezarririko baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea, baldin eta larriak edo oso larriak ez badira.
-
Arau-hauste larriak
Hona hemen arau-hauste larriak:
- Legez gaiturik ez dagoen norbaitek zerbitzu edo jarduera turistikoak egin edo ematea.
- Jarduera turistiko bat sailkatu edo bertan jardun ahal izateko inskripzio, titulu, lizentzia, jakinarazpen edo nahitaezko gaikuntzarako betebehar edo baldintzak ez betetzea edo aldatzea.
- Sailkapenaren arabera dagozkion izen, errotulu edo bereizgarrien ordez beste batzuk erabiltzea.
- Kontratuaren xede den zerbitzuren bat ez ematea edo itundutako kalitate, kantitate edo izaerako baldintzak ez betetzea.
- Bezeroei askatasunez sartzen ez uztea edo haiek kanporatzea, justifikaziorik gabe.
- Zerbitzuak publizitatean agertzen direnak baino prezio garestiagoetan ematea edo prezioei buruz indarra duten xedapenak bete gabe.
- Turismo ikuskapenari edo administrazioko beste organo eskudun batzuei uko egin edo eragozpenak jartzea.
- Jarduera turistikoen subjektuek eskaintzen dituzten zerbitzuen funtsezko osagaiei buruz engainua edo nahasmena sortzen ahal duen publizitatea.
- Zerbitzua postu erreserbaren arabera ez ematea, dauden postuak baino gehiago kontratatzeagatik.
- Azpiegitura edo funtzionamenduko akatsak zuzentzeko turismo administrazioak emaniko epeak ez betetzea, horretarako justifikaziorik gabe.
- Turismoari buruzko arautegiak eskatzen dituen aseguruen eta fidantzen bermeen zenbatekoa gaurkoturik ez edukitzea.
- Kanpaleku turistikoetan kanpinlari egoiliarrak onartzea eta debeku diren kanpaleku-unitateak paratzea.
- Kanpinlari egoiliarrak dira kanpaleku turistikoan ohiko bizilekua dutenak.
- Zerbitzu turistikoak emateko legez gaitu gabeko bulego, lokal, ibilgailu edo pertsonak erabiltzea edo gaiturik egonda ere jadanik erabiltzeko moduan ez daudenak erabiltzea.
- Zuzenak ez diren argibideak ematea edo agiri faltsuak aurkeztea.
- Arau-hauste arinetan berrerortzea.
Artikulu honi dagokionez, berrerortzea da urtebetean izaera bereko arau-hauste bi edo gehiago egitea, bide administratiboan ebazpen irmoaren bidez halaxe adierazi denean.
-
Arau-hauste oso larriak
Hona hemen arau-hauste oso larriak:
- Turismoari buruzko arautegia haustea, Nafarroaren interes turistikoei, kasuan kasuko lanbide edo jarduera turistikoaren prestigioari edo orokorrean bezeroei kalte larria egiten badie.
- Erabiltzaileak bereizkeriaz tratatzea, baldin eta arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen beste edozein inguruabarrengatik egiten bada.
- Turismo establezimendu bat ireki edo jarduera turistikoan aritzeko titulu, lizentzia edo nahitaezko gaikuntza inskribatu edo emateko funtsezko kontuak doluz aldatzea.
- Arau-hauste larrietan berrerortzea.
Artikulu honi dagokionez, berrerortzea da urtebetean izaera bereko arau-hauste bi edo gehiago egitea, bide administratiboan ebazpen irmoaren bidez halaxe adierazi denean.
|
|