|
2.5.9. Zehapenak
Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean eta turismoaren alorreko beste xedapenetan ezarritakoaren kontrako arau-hauste administratiboek zehapen hauek sortuko dituzte:
- Ohartaraztea.
- Isuna.
- Jarduera turistikoak etetea edo establezimendua ixtea.
- Titulua kentzea edo establezimendua ixtea.
Indarra duen arautegiaren arabera, ondokoak ez dira zehapentzat hartuko: bere jardueretan aritzeko nahitaezko gaikuntza ez edukitzeagatik establezimenduak edo instalazioak ixtea, batetik, edo gaikuntza hori lortu arte, kasua bada, eta horretarako eskaera tramitazioan dagoenean erabaki daitekeen funtzionamendu-etetea, bestetik. Turismoaren alorrean eskudun den departamentuko titularrak erabakiko du ixtea edo etetea, interesdunari entzun ondoren. Neurri hori zehapen espedientea irekitzeko aukera deusetan galarazi gabe hartuko da.
Arau-hauste oso larriengatik ezarririko zehapenak hiru urtera preskribituko dira; arau-hauste larriengatik ezarririkoak, bi urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarririkoak, urtebetera. Zehapenak preskribitzeko epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da. Preskripzioa eten eginen da, behin interesdunari jakinarazita, betearazteko prozedura hasten denean.
-
Zehapen administratiboak.
Arau-hauste arinak honela zehatzen ahalko dira:
- Ohartaraztea.
- 1.200 euro arteko isunarekin.
Arau-hauste larriak 6.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste oso larriak 60.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Zehapen osagarri edo nagusi gisa, jarduera eteten ahalko da edo establezimendua edo instalazioa ixten, gehienez ere sei hilabetez, arau-hauste larrietan, eta gehienez ere urtebetez, arau-hauste oso larrietan.
Arau-hauste oso larrietan berreroriz gero, zehapen osagarri edo nagusi gisa, titulua kentzen ahalko da eta establezimendua behin betikoz ixten.
Jarduerak eten edo establezimendua ixteko erabakia kasuan kasuko udalari jakinaraziko zaio.
Arau-hauste oso larrietan, zehapen osagarri gisa, zehapenaren xede den jardueran aritzeko arau-hausleak Nafarroako Foru Komunitateari eskatu eta harengandik lorturiko edozein diru-laguntza edo laguntza finantzario eten edo kendu ahalko da.
-
Zehapenen mailaketa.
Zehapenak proportzionaltasun printzipioaren arabera ezarriko dira, kontuan hartuz arau-haustea egitean gertatu diren gorabeherak; hauek bereziki:
- Arau-hausteak nahita egin diren edo errepikatu egin diren.
- Ukituriko pertsonei eginiko kaltea.
- Kalteturiko pertsonak zenbat diren.
- Modu ez-zilegian lortutako etekinaren zenbatekoa.
- Enpresaren ahalmen ekonomikoa.
- Nafarroaren irudi turistikoarendako eta sektore turistikoarendako ondorio kaltegarriak.
- Berrerortzea.
- Prozedura irekitzea eragin zuten akatsak espedientea izapidetzen ari deino zuzentzea.
-
Hertsatzeko isunak.
Aurreko artikuluetan aurreikusiriko zehapenak galarazi gabe, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak, ekintza arau-hauslea eten edo bukatzeko edo hala bada ez-egitea zuzentzeko errekerimenduan ezarririko epeak bukatu ondoren, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 99. artikuluan xedaturikoaren arabera, hertsatzeko isunak ezartzen ahalko ditu. Haietariko bakoitzaren zenbatekoak arau-hausterako ezarririko isunaren ehuneko hamar eginen du gehienez.
-
Organo eskudunak.
Foru lege honetan aipatzen diren zehapenak ezartzeko organo eskudunak hauexek dira:
- Alor horretan eskudun den departamentua, eskumena Nafarroako Gobernuari ez badagokio.
- Arau-hauste oso larrietarako, Nafarroako Gobernua, establezimendua behin betikoz itxi behar baldin bada.
Bai ikuskaritza prozesuen bai euren zehapen prozeduraren ezaugarriak ezagutarazteko, otsailaren 14ko Turismoari buruzko 7/2003 Foru Legeari lotzen gatzaizkio (NAO 23 zk, 03-02-21ekoa)
|
|