 |
ESKAINTZA BEREZIETAKO BETEBEHARRAK |
|
Eskaintza berezi bat egiteko, eskainitako salgaiek merkatariaren izakinetan egondakoak behar dute; ezin dira salgaiak eskuratu eskaintza bereziak egiteko helburuarekin soilik, non eta ez diren produktu berriak ateratzeko eskaintzak. Hori guztia, hala ere, salbuetsita egonen dira saldoak besterik saltzen ez dituzten saltokiak.
Eskaintza bereziko salmentaren aurretik behar adinako informazioa eman beharko da; hurrengoak argi agertu beharko dira:
- Eskaintza bereziko produktua edo produktuak zein diren.
- Salmentaren baldintzak. Merkatariak adierazi egin beharko dio kontsumitzaileari zein ordainbide erabiltzen ahal dituen eragiketan, eta hori saltokiaren kanpotik ikus daitekeen publizitate orokor gisa jarriko du.
- Eskaintza bereziaren epea gutxienez elkarren segidako bi egunekoa izanen da eta, gehienez, hogeitamar egunekoa.
Eskaintza berezi orotan eta publizitatea egiten den guztietan, produktu batek prezioan duen aldea mezu erakargarri gisa helarazten bazaio kontsumitzaileari, merkatariak produktu bakoitzean ezarri beharko du zer prezio zuen horrek lehen eta zer prezio orain.
Merkatariak izakin nahikoa beharko du eskaintzari aurre egiteko. Merkatariaren betebeharrak:
- Eskaintza berezi orotan edo eskaintza bereziko salmentaren publizitatea egiten den guztietan, merkatariak, betiere, kontsumitzaileen eskaria asetzeko adina izakin beharko du, non eta azken salmentak ez diren.
- Ulertuko da eskaintza bereziak ez duela eskaria asetzen baldin eta eskaintza bereziko salgaiak ez badira nahikoa merkataritza egun oso bateko eskaria asetzeko; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen merkealdien iraupenari buruz ezarritakoa aplikatzeko.
- Produktuekin batera opariak ematen direnean, enbasean eskaintza berezi horren iraupena adierazi beharko da. Aurreko kasuan, fabrikatzaileak edo merkatariak, dagokionak, oparia eman beharko dio kontsumitzaileari, baldin eta horretarako eskubidea eskuratu bazuen produktuak salgai zeudenean, nahiz eta eskaintza berezia iraungita izan.
Hona eskaintza bereziko salgaien inguruan jakin beharrekoak:
- Merkatariak ezin izanen du mugatu erosle bakoitzak eskaintza bereziko produktuen edo produktuaren zenbat ale eros ditzakeen.
- Merkatariak, asko saltzen dela ikusita ere, ezin izanen du prezioa aldatu.
- Eskaintza nahikoa ez denean, eskaria asetzeko, ezin izanen da erosleak baztertzeko irizpiderik ezarri.
- Eskaintza bereziek inbentarioaren erdia hartzen ez badute, ezin izanen da iragarri neurri orokorra dela.
- Eskaintza bereziko salgaiak argi eta garbi bereizi beharko dira beste salgaietatik, bai eta saltokian batera izan daitezkeen bestelako eskaintza berezietatik ere.
|