|
Otsailaren 14ko Turismoari buruzko 7/2003 Foru Legeak (NAO 23 zk, 03-02-21ekoa) honako kontzeptuak definitzen ditu:
- Baliabide turistikoa: Nafarroako errealitate fisiko, geografiko, sozial edo kulturaleko ondasun materiala edo era askotako agerpena, turisten etorrera erakar dezakeena. Ikuspegi horretatik, turisten etorreratzat joko da pertsonak beren etxetik kanpora joan eta han egonaldia egitea.
- Jarduera turistikoa: xede gisa duena baliabide turistikoak gozatu, aurkitu eta ezagutzeko aukera eskaintzea, haiei buruzko informazioa ematea eta haiek zaindu eta sustatzea, horretarako zenbait zerbitzu emanez, hala nola ostatua, mantenu edo sukaldaritza, aisia, argibideak, bitartekotza, ezagutarazte eta merkaturatzea, eta biltzar, mintzaldi eta antzeko ekitaldien antolaketa; halaber, Foru Komunitateko administrazioak horrela sailkatzen duen beste edozein jarduera.
- Enpresa turistikoa: bere izenean, ohiko jarduera gisa eta irabazi asmoarekin, jarduera turistiko bat egin edo zerbitzu turistiko bat ematen duen pertsona fisiko edo juridikoa. Jarduera ohikoa dela ulertuko da edozein baliabideren bidez zerbitzu turistikoen publizitatea egiten denean.
- Enpresaz bestelako turismo entitatea: garapen turistikoa edo zenbait jarduera turistiko bultzatzea xede duena, irabazi asmorik gabe.
- Establezimendu turistikoa: unitate funtzional beregain bat osatzen duten ondasun higigarri eta higiezinen multzoa, titularrak zerbitzu turistiko bat egoki emateko antolatu eta prestatzen duena.
Jarduera turistikoen araubide juridikoa
- Jarduera turistikoak libreak dira. Muga bakarrak aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduen ondoriozkoak dira.
- Aurreko idatz-zatia gorabehera, enpresa eta establezimendu turistikoek eta enpresaz bestelako entitate turistikoek, jarduera hasi baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik egon beharko dute eta bestelako erakundeek, zeinek bere eskumenen arabera, eskatzen ahal dizkieten lizentzia edo baimenak eduki.
- Erregistroan sailkatu eta inskribatzeko kontuan harturiko baldintza eta betebeharrak nabarmen aldatuz gero, aldaketa hori bertan adierazi beharko da. Betiere, nabarmentzat hartuko dira establezimendu turistikoetako postuen kopurua aldatzea, zerbitzuak gehitzea eta erabilera turistikoa eta titulartasuna aldatzea.
- Inskripzioaren xede izan den jarduera elkarren segidan bi urtetik goiti utziz gero, inskripzioa ofizioz indargabetuko da.
- Aldez aurretik Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharra izan eta inskribatu gabe edo inskripzioa baliogabetuta zerbitzu turistikoak ematea edo edozein hedabideren bitartez haien publizitatea egitea jarduera klandestinotzat joko da.
- Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu baino lehen, turismo administrazioak jarduera sailkatuko du, hala behar denean. Sailkapen horrek horretarako kontuan hartzen diren betebeharrak betetzen direino iraunen du eta ofizioz edo aldeak eskaturik berraztertzen ahalko da, bidezko diren izapidaketak egin ondoren. Ulertuko da inskribatzeko eskabideak onartu direla eskatzaileari ebazpenik jakinarazi gabe hiru hilabete pasatzen direnean, aurkezten direnetik aurrera.
- Jarduera turistikoengatik ematen diren zerbitzuen prezioak libreak dira. Prezioen tarifak betiere erabiltzaileen eskura izanen dira eta establezimendu turistikoan ikusgai.
- Establezimendu turistiko guztiak publikoak dira; edonor sartzen ahal da haietan. Muga bakarrak izanen dira haien izaera eta tamaina, indarra duten legeak eta, kasua bada, zerbitzu eta instalazioak erabiltzeko establezimenduko barne arauak. Establezimendu turistiko publikoetan sartzeko askatasuna ezin izanen da mugatu jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo pertsonaren edo giza taldearen beste edozein gorabehera edo izaera kontuan hartzen duen bereizkeriazko inolako irizpideren arabera.
Nafarroako Turismo Erregistroa
- Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat da. Haren xedea establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta bere jarduera turistikoagatik erregelamendu bidez zehazten den beste edozein establezimendu edo pertsona inskribatzea da. Abuztuaren 25eko 502/3002 Foru Dekretuak arautzen du antolamendua eta funtzionamendua.
- Enpresa eta establezimendu turistikoak ofizioz inskribatuko dira edo interesatuak eskaturik. Ulertuko da inskribatzeko eskabideak onartu direla eskatzaileari ebazpenik jakinarazi gabe hiru hilabete pasatzen direnean, aurkezten direnetik aurrera. Inskribatzeko prozedura 190/2004 Foru Aginduak, ekainaren 18koak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emanak arautzen du.
- Inskripzioa nahitaezkoa izanen da enpresa turistikoendako eta haien establezimenduendako, enpresaz bestelako entitate turistikoendako eta arauturik dauden jarduera turistikoendako. Gainerako kasuetan inskripzioa aukerakoa izanen da. Betiere, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea nahitaezko baldintza izanen da turismoaren alorreko diru-laguntzak kobratu ahal izateko.
|
|