Merkataritza eta ostalaritzara ongi etorria emateko CDa
 CASTELLANO   HASI 
 
Ayuntamiento de Pamplona TXIKIZKAKO MERKATARITZA

OSTALARITZA

LAGUNTZAK ETA DIRU-LAGUNTZAK

HELBIDE ERABILGARRIAK

MAIZ EGITEN DIREN GALDERAK
 
 
 2.6. TABAKOAREN KONTRAKO LEGEA
 IMPRIMATU 
 

2006ko urtarrilaren 1ean tabakoaren kontrako legea sartu zen indarrean, alegia, 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena. Zioen azalpen zabala (arauaren heren bat ia), 23 artikulu, bederatzi xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapenek osatzen dute arau polemiko hau, Espainiako eta autonomia erkidegoetako araudien bitartez garatu beharko dena baina Nafarroako Foru Komunitatean orain arte (2006ko azaroa) garatu ez dena.

Testua bost kapitulutan banatuta dago, eta mugapenak ezartzen dizkie tabakotik eratorritako produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa (batez ere, gazteen artean) eta tabakoaren publizitatea, sustapena eta babesari. Araudi honetako arau-hausteak ere tipifikatzen ditu, eta dagozkien zehapenak. Horixe da atalik interesgarrienetako bat, ordaindu egin behar denean, errudun bakarra ez delako arau-haustea egiten duena, arau-haustea egiteko baimena ematen duena ere baizik.

Jakina, erretzaileak ez daude pozik lege polemiko honekin, tabakoa eskuratzeko zailtasunak ezartzen dizkielako eta erre dezaketen tokiak mugatzen dituelako; sindikatuak ere ez daude pozik, guztiz debekatuta dagoelako lantokietan erretzea; enpresaburuak ere ez, publizitate enpresek etekina ateratzeari uzten diotelako tabakoaren publizitatea egiteko debekua dela-eta eta tabako industriak etekinak murriztea espero duelako lege berriko neurriak direla eta; ostalariak ere ez, beren jarduerak mugatu egiten direlako; eta osasun arloko langileak ere ez, ez delako onesten erretzeari uzten laguntzeko botiken finantziazioa.

Lege honetako atalik eztabaidatuenak aipatuko ditugu jarraian.

Debekatuta dago tabakoa edo tabakoa imitatzen duten produktuak edo erretzera bultzatzen duten produktuak saldu edo ematea 18 urtetik beherako pertsonei, eta 18 urtetik beherakoek tabakoa saltzea.

Tabako salmenta eta hornidura estankoetan, erre daitekeen establezimenduetan tabakoa saltzeko makinetan eta kioskoetan bakarrik egin daiteke, eta espresuki debekatuta dago beste inon edo beste bitarteko baten bidez egitea. Espresuki debekatuta dago tabako-produktuak txikizka saltzea urruneko salmentaren bidez.

Debekatuta dago tabakoa saltzea zentro eta bulego publiko, osasun edo gizarte zerbitzuetako zentro, ikastetxe (ikasleen adina eta irakaskuntza mota gorabehera), kultur edo kirol zentro eta adingabeen laguntza eta aisia zentroetan, eta tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoen edozein leku, zentro edo establezimendutan.

Guztiz debekatuta dago lantokietan, publiko edo pribatuetan (kanpoan izan ezik; horregatik, ez da baimentzen erretzeko egokitutako gunerik sortzea eta kanpoan bakarrik erre daiteke: balkoi, terraza, patio eta abarretan), administrazio publikoen bulegoetan, osasun, kultur, hezkuntza eta prestakuntza zentroetan (ikasleen adina dena delakoa ere), aire zabalekoak ez diren kirol instalazioetan, jendea hartzeko erabiltzen diren guneetan, merkataritza guneetan, saltoki handietan eta galerietan. 18 urtetik beherakoak laguntzeko gizarte etxeetan, aisia guneetan, elikagaiak prestatu, egin, eraldatu, dastatu edo saltzen diren establezimenduetan, igogailuetan, telefono kabinetan, kutxazain automatikoetan, erabilera publikoko eremu txikietan (bost metro karratu baino gutxiago) eta gasolindegietan erretzea.

Tabakoa erretzea guztiz debekatuta ez dagoen tokietan bakarrik edo, gizarte laguntzako zentroetan, hoteletan, tabernetan, 100 metrotik goitiko jatetxeetan, dantzalekuetan, 18 urtetik beherakoak sartzen uzten ez dituzten joko aretoetan, zinemetan, toki itxietan egiten diren ikuskizun publikoetan, aireportuetan eta autobus eta tren geltokietan, erretzeko egokitutako tokietan kontsumitu behar da.

Taberna, jatetxe eta beste aisialdi lokal batzuetako jabeek aukeratu beharko dute beren establezimenduetan erretzen ahal den ala ez.

100 m2-tik beheitiko ostalaritza lokal, taberna eta gisakoek establezimendurako sarbideetan eta publizitate guztian adierazi beharko dute zer aukera egin duten. Adingabeak lokal hauetan sartzen ahal dira, helduren baten laguntza badute betiere.

Bezeroendako 100 m2 edo hortik goitiko azalera duten ostalaritza lokalek ere adierazi beharko dute zer aukera egin duten. Erretzea baimentzen badute, erretzaileendako gunea egokitu behar dute, eta behar bezala adierazi; guneak zentro edo establezimenduko gainerako geletatik fisikoki bereizita egon behar du, konpartimenduetan banatuta guztiz, eta ezin da erretzaileak pasatzeko bidea izan, langileak izan ezik; gainera, ezin da izan lokaleko eremu erabilgarriaren % 30 edo 300 m2 baino handiagoa. Ez da utziko 16 urtetik beherakoak erretzaileen guneetan sartzea, establezimenduko langileak direnean izan ezik.

Bezeroendako eremua kalkulatzeko, ez da kontuan hartu establezimenduko barra, korridore eta komunek hartzen duten eremua.

Gainera, 2006ko irailaren 1etik aurrera, erretzailerendako guneek konpartimendutan zatituta egon beharko dute guztiz, eta beren aireberritze sistema izan.

Merkataritza guneen barneko taberna eta jatetxeetan ezin izanen da erre, merkataritza gunetik bereiz egonik eta beren sarrera izanik, erretzeko baimena ematen duten edo, gainerako ostalaritza establezimenduen baldintza beretan, erretzaileendako guneak egokitzen dituzten lokaletan izan ezik.

Erretzaileendako guneak egokitzen diren jatetxeetan zigarretak edo geruza naturaleko zigarrotxoak eskuz eta banaka saltzen ahalko dira.

Tabakoa saltzeko makinak lokalaren barnealdean kokatu behar dira, establezimenduko arduradunek kontrola ditzaketen lekuetan. Makinaren aurreko aldean tabakoa osasunarendako arriskutsua dela ohartarazi behar da, argi eta ikusgai, eta, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, adingabeek makinak zuzenean ezin erabiltzeko gailuak instalatu behar dira. Inoiz ere ezinen dute tabakoaren publizitatea erakutsi.

Mugako bentetako saltokiek ezin izanen dute tabakorik saldu beren establezimenduetan, estankoak direnean edo, erretzeko egokitutako guneetan (saltokitik fisikoki bereizitako taberna eta jatetxeetan), tabakoa saltzeko makinak dituztenean izan ezik.

Legeak arau-hausteei eta zehapenei buruzko arauak ere jasotzen ditu, eta arauaren kontrako jarrerak tipifikatu eta jarrera hauei dagokien zehapena egokitzen ditu. Arau hauen ariora, arau-hausteen arduradunak identifikatuko dira eta zehapen eskumenak argi eta garbi finkatuko dira. Arau-hausteak adingabeek egiten badituzte, beren gurasoak edo legezko tutoreak, hartzaileak edo zaintzaileak erantzule solidarioak izanen dira.

Arau-hauste arinak 30 eta 600 euro bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak, 601 eta 10.000 euro bitartekoekin; eta oso larriak, 10.001 eta 600.000 bitartekoekin.



   Argibide gehiago, hemen:  Iruñeko Udalaren Merkataritza eta Turismoko Alorrak.  Tfno: 948 420 734         comercio@ayto-pamplona.es         www.pamplona.net         www.camaranavarra.com