Honakoek jasotzen dute: Ikuskizun publiko eta josteta jardueren ordutegi
orokorra araupetzen duen irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuak, Ikuskizun
publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautu zuen irailaren
23ko 201/2002 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorra aldatzen
duen maiatzaren 5eko 95/2003 Foru Dekretuak, eta Ikuskizun publiko eta
josteta jardueren katalogoa onetsi eta Enpresa eta lokalen erregistroak arautzen
dituzten irailaren 23ko 201/2002 eta 202/2002 Foru Dekretuak aldatzen dituen
urriaren 27ko 656/2003 Foru Dekretuak.
Irekitzeko eta ixteko orduak
Ondokoa izanen da ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak modu iraunkorrean eskaintzen dituzten establezimenduen ordutegi orokorra:
|
IREKITZEKO ETA IXTEKO ORDUAK, TALDEKA
A Gazteentzako diskotekak: 18:00etatik 23:00etara.
B Tabernak. Kafetegiak. Jatetxeak: 06:00etatik 02:00etara.
C Josteta aretoak eta ziberzentroak: 09:00etatik 02:00etara.
D Taberna bereziak. Ikuskizunetarako kafetegiak: 13:00etatik 03:30era.
E Bingo aretoak. Joko aretoak. Kirol aretoak: 09:00etatik 03:30era.
F Diskotekak. Dantzalekuak: 18:00etatik 06:00etara.
|
B, D eta F taldeetan bildutako establezimenduek aurreko atalean ezarritako ordua baino ordu erdi bat beranduago ixten ahal dute larunbat eta jaiegunetan.
Ixteko ordutegi orokorrean kontuan hartuko da jendea ateratzeko behar den denbora osagarria, “Ixteko eragiketa materialak” atalean adierazten den bezala.
Aurreko ataletan B eta D taldeetarako ezarritako ixteko orduak hoteletan kokatutako gisako lokaletan ere aplikatu behar dira. Hala ere, ezarritako ordutegitik kanpo ere funtzionatzen ahal dute, hoteletan ostatatutako bezeroak bakarrik zerbitzatzeko betiere.
Indarreko arauei jarraituz, administrazio baimena behar duten gainerako establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jarduerak zabaldu eta itxi edo bukatzeko ordutegia horretarako baimena ematen duen xedapenean zehaztuko da.
B taldean bildutako establezimenduetan larunbat eta jaiegunetan ezinen da musikarik eman irekitzen direnetik 11:00etara bitartean. Muga hori udalaren baimena duten taberna berezietan ere aplikatuko da. Udalak irekitzeko ordua aurreratzeko baimena ematen ahal du, baina 08:00etan irekitzen ahal dute goizenik. Dena den, jarduera hasi eta 13:00a arte, establezimendu horiek beren funtzionamendu modua egokitu beharko dute taberna gisa katalogaturiko establezimenduentzako ezarritakoaren arabera.
Terrazetan eta beladoreetan bukatu eta haiek ixteko ordutegia jabari publikoa erabiltzeari buruzko udal ordenantzetan ezarritakoa edo jabari publikoa okupatzeko lizentziarako akordioan ezarritakoa izanen da; betiere, ezin izanen da gainditu terraza eta beladoreendako ezarritako ordutegia.
Jatetxearen eta taberna bereziaren jarduerak batera eramaten dituzten establezimenduek men egin beharko diote taberna bereziak baimendua duen irekitzeko orduari, eta jarduerak bertan behera utzi beharko dituzte bakoitzak duen ixteko ordu espezifikoaren arabera.
Instalazio ez-iraunkorrak
Behin-behineko instalazioetan, tokiz aldatu edo desmuntatzen direnetan A-tik F-ra bitarteko kategorietan bildutako ikuskizun publiko eta josteta jarduerarik antolatzeko, lokal iraunkorretarako ezarritako ordutegi berari lotuko zaio, baimendutako jardueraren arabera. Dena den, ordutegia mugatu egiten ahal da, hotsak eta dardarak egitearen alorrean indarrean dagoen araudia aplikaturik.
Ixteko eragiketa materialak
Bukatzeko edo ixteko ezarritako ordutik aurrera, musika, ekitaldi edo joko oro bukatu beharko da; ezin izanen da kontsumiziorik zerbitzatu; argi guztiak piztuko dira eta ez zaio jende gehiagori lokalera sartzen utziko. Lokalak ordu erdi baten buruan jendez hustuta egon beharko du.
Jendez husteko denboran zehar, lokala ixteko elementuak -pertsianak edo antzekoak, esate baterako- jasota egonen dira eta ateak desblokeaturik.
Kartelak
A taldetik Fra bildutako establezimenduek sarbideetan eta ongi ikusteko moduan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak kreditaturiko kartel bat jarri beharko dute; hartan, baimendutako jarduera, helbidea, lokalaren aforo gehienezkoa eta ireki eta ixteko ordutegia adierazi beharko dira.
Ordutegi bereziak
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak baimena eman ahal izanen du Foru Dekretu honetan ezarritako ordutegi-araubide orokorra aldatzeko, ondoko kasuetan eta kasuan kasuko ebazpen administratiboan ezartzen diren mugekin:
- Aireportuetako, tren edo autobus geltokietako, gasolindegietako edo antzeko lekuetako establezimenduak, nagusiki bidaiariei zerbitzua ematen jarduten dutenak, eta errepide ondoko establezimenduak, aurrekoen xede berekoak, hurbileneko etxebizitzatik gutxienez ere 250 metroko distantzia gordetzen dutenak.
- Gaueko edo goizaldeko ordutegiak dituzten langileei zerbitzatzeko establezimenduak.
Taldekako irekitzeko eta ixteko orduetan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, Udalek ordutegi bereziak baimentzen ahalko dituzte honako kasuotan eta dagokien ebazpen administratiboan ezartzen diren mugekin:
- Herriko jaietan, Eguberrietan eta Aste Santuan.
- 7.500 baino biztanle gutxiago dituzten herrietan, non diskoteka edo dantzaleku gisa katalogaturiko establezimendurik ez dagoen, udalek tabernetako, kafetegietako, taberna berezietako edo ikuskizunenetarako kafetegietako ixteko ordutegia luzatu ahal izanen dute ordubetez.
- Udalak irekitzeko ordua aurreratzeko baimena ematen ahal die D taldean bildutako establezimenduei, baina 08:00etan irekitzen ahal dute goizenik. Dena den, jarduera hasi eta 13:00a arte, establezimendu horiek beren funtzionamendu modua egokitu beharko dute foru dekretu honek eta establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoak taberna gisa katalogaturiko establezimenduentzako ezarritakoaren arabera.
- Familiarteko banketeak direla medio, udalek ordubetean atzeratzen ahalko dute ixteko ordua jatetxearen baimena duten establezimenduetan.
Aurreko atalean aurreikusitako ordutegi zabaltzea edo, kasua bada, murriztea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta herriko udaltzaingoari jakinarazi beharko zaie, aplikatzen hasi baino lehen.
Mugapenak
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ixteko ordua aurreratu edo irekitzeko ordua atzeratzen ahalko du, sailkatutako jarduerei buruzko araudia hausteagatik, neurri zuzentzaileak hartzera behartu diren lokaletan. Funtzionatzeko ordutegiaren mugapena luzatuko da neurri horiek hartu eta organo eskudunak aldeko txostena egin arte.
Ezeztatzeak
Ordutegi berezien inguruan xedatutakoaren babesean ematen diren administrazio baimenak behin-behingoz egindakotzat joko dira; beraz, ez dira eskubideen deklaraziotzat hartuko eta ezeztatu ahal izanen dira, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, organo eskudunak emanen duen ebazpen arrazoituaren bidez.
Ezarritako baldintzak edo baimenak emateko finkatutako oinarriak ez betetzeak berekin ekarriko du ordutegi berezirako baimena galtzea, dagokion administrazio erantzukizuna ezertan galarazi gabe.
Baimena ezeztatu beharko da, ematea bideratu zuten inguruabarrak desagertzen badira, edo bestelako arrazoiak gertatu badira, zeinak, baimena emateko unean gertatuz gero, ezeztea justifikatuko baitzuten.
Arau-hausteak eta zehapenak
Ireki eta ixteko ordutegiari buruzko arau-haustea, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 23.19 artikuluari jarraituz, arau-hauste larria izanen da. Horri dagokion zehapena 50.000 biztanle baino gehiagoko udaletako alkateek eta gainerako udaletan Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ezarriko dute, 601 eta 6.010 euro bitarteko isun batez, aipatu Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako bestelako zehapenez gainera.
Aipatu Foru Legearen 22.9 artikuluan ezarritakoaren indarrez arau-hauste oso larritzat jo behar den arau-hauste bat errepikatu edo behin eta berriz eginez gero, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ezarriko du isuna, 30.000 euro bitartekoa, aipatu Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako bestelako zehapenez gainera.
|