Bilatzailea
Kokapena
Erosketak egiteko Turismo Gida - Iruñeko Udala Kale, plaza eta txokoetan, Iruñeak era guztietako aukerak eskaintzen dizkio bisitariari, egonaldia atsegina eta goxoa izan dadin. Gida honek gure hiriko auzoetan egindako ibilbidea eskaintzen dizu, tokian tokiko zerbitzu eskaintza ezagutzeko. Alde Zaharra: Pompeyok duela 2000 urte sortua, harez geroztik kale hauek historiaz jantzita daude eta, gaur egun oraindik ere, Erdi Aroko Iruñeak zituen hiru burguak ageri dira, bai eta Donejakue Bidearen aztarna iraunkorra ere. Hauxe da merkataritza, kultura eta aisia gune nagusia, eta eskaintza ugarien artean, badu betiko bezeroentzako leku aproposa, hots, Santo Domingoko azoka. Alde Zaharrak bizitasun handiko merkataritza du, askotarikoa; ikusteko modukoa da Karrika Nagusiak, Estafetak, Zapateriak eta Komedias Kaleak osatutako eremua, bai eta Gazteluko Plaza ere, gure hiriaren bihotza zalantzarik gabe. Ezin ikusi gabe utzi harresiak, katedrala, Nafarroako Museoa eta Udaletxeko Plaza eta, era berean, ezin egin gabe utzi entzierroaren ibilbidea. Kale horietan, oroigarriak eta hemengo produktuak erosteko aukera izanen duzu, eta ahogozatzeko parada ere, betiko pintxo goxoak dastatuta. I. zabalgunea: Iruñea XIX. mendearen azkenean hasi zen handitzen, zabaltzen. Ondorioz, gaur egun, marka ospetsuak ageri dira Karlos Hirugarrenaren eta Oliveto kondearen inguruan, bai eta multinazionalak, izen handiko diseinatzaileak, jantzi-denda dotoreak eta bitxi-denda bikainak ere. Inguru honetan eraiki berri da Baluarte esaten zaion Nafarroako Biltzar Jauregia eta Nafarroako Auditorioa, hiriko eraikin adierazgarria, alegia. II. zabalgunea: I. Zabalgunearen luzapena da bai hirigintzari bai merkataritzari begira. Jarduerak gora egin du, Karlos hirugarrenaren bigarren tartea oinezkoentzako eremu bilakatu delako; inguru hau denda, taberna eta kafetegiz beterik dago. Halaber, merkataritza mugimendu handia dago Gurutzeko Plazan eta Erriberri kalean, baina tradizioa maite dutenei Azoka Berriko postuetara joatea komeni zaie. Donibane: Baionako etorbidea ardatz nagusia delarik, leku ezin hobea da paseoa, erosketak eta aisia uztartzeko. Denden kalitatearekin batera, badira era guztietako taberna eta jatetxeak, tradizionalenetatik hasi eta berritzaileenetaraino. Nabarmendu beharreko tokiak dira Takonera eta Civican zentroa, hau da, Nafarroako Kutxa Fundazioaren topalekua. Iturrama: Bizitegi-auzoa da, hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eraikia. Nafarroako Unibertsitatearen ondoan dago eta, horregatik, merkataritza eta ostalaritza, gehienbat, gazteenentzat bideratuak daude. Iturramako aretoen artean, denetarik aurkituko duzu, musika elektronikoa eta xanpaindegia barne. Donibane eta I. zabalgunearekin duen lotura Gaztelugibelaren eta Ziudadelaren bidez egiten da. Horra ederki uztarturiko berdegunea eta monumentu historikoa. Ermitagaña Mendebaldea: Bizitegi-auzo modernoak dira eta jarduerak hiru ardatz ditu oinarri: Yamaguchi parkea, -eta hortxe bertan Planetarioa dago-; Golem zinetokiak, -eta ondoan Ermitagañako azoka-; eta, azkenik, ospitale ingurua, ostalaritzan eta merkataritzan eskaintza handia duena. Ibilaldiak Iruñea berdean: Iruñeak lau milioi metro karratutik gora ditu berdegunetan. Besteak beste, Argako Ibai-Parkea nabarmenduko dugu. Ibai bazterrak ingurumena aintzat hartuta moldatu dira eta guztira 11 kilometroko ibilaldi ederra da. Zuen zain gaude... Iritsi da Iruñean barna egin dugun ibilaldi txiki honen bukaera. Gure artean ibilitako egunek zugan oroitzapen goxoa utziko dutelakoan, ongi izan.
Flash animazioa ikusten ez baduzu ez duzu Flash plug-in-a. Macromedia Flash Player-a jeitzi