Gida honen xedea informazioa modu argi, antolatu eta zehatzean ematea da, herritarren intereseko zerbitzuei buruz, horiek Udalekoak izanda zein ez. Bertan Udala osatzen duten alorren zereginak azaltzen dira, eta administrazioko edozein izapide egiteko nora jo adierazi ere, hori guztia, zerbitzuen telefonoak, helbideak, ordutegiak eta web guneak zehaztuta. Irakurleek ikastetxeei, institutuei, ospitaleei, kiroldegiei, zahar-etxeei, auzo-unitateei, osasun-etxeei, autobus-linien geltokiei eta abarrei buruzko argibideak izanen dituzte eskura, bertan.
Irakurleei interesatzen zaizkien gauzen bilaketa errazte aldera, gidaliburua gaika antolatuta dago, eta gai bakoitzari kolore bat dagokio. Hartara,Herritarrendako Laguntzari etaHerritarren Partaidetzari gorria egokitu zaie, Merkataritzari eta Turismoari, horia eta Kulturari, laranja; Ekonomiari urdina dagokio; Hezkuntzari gorri-morea erantsi zaio, Kirolari eta Gazteriari berdea dagokie, eta Osasunari eta Ingurumenari, bioleta; Herritarren Segurtasunaren, Justiziaren eta Babes Zibilaren berri emateko, marroia erabili dugu, eta Gizarte Zerbitzuak adierazteko, arrosa; Trafikoari eta Garraioiei urre kolorea ezarri diegu, eta, azkenik, Hirigintzari eta Etxebizitzari, morea.
Atal horietako bakoitza ixteko, hainbat galdera eta horiei dagozkien erantzunak paratu ditugu, herritarrek maizen egiten dituzten itaunak barne. Orrialdearen ezkerrean kasuan-kasuko zerbitzuaren izena dator, bai eta horren helbidea, postakodea, telefonoa, posta elektronikoa, faxa eta interesekoa izan daitezken beste hainbat datu ere. Ondoan, zutabe nagusian, zerbitzu horrek zer eskaintzen duen dago azalduta, eta horrekin batera, zerbitzuaren jendaurreko ordutegia, onuradunak, baldintzak, agiriak aurkezteko tokia eta abar. Horrela, irakurleek interesatzen zaien zerbitzua ezkerreko zutabean bilatu eta, behin hori aurkituta, eskubira jo dezakete, haren ezaugarriak ikusteko. Hurrenkerari dagokionez, lehenik eta behin Udalak eskainitako zerbitzuak paratu ditugu, gero, Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituenak, eta, azkenik, Administrazio Zentralaren menpe daudenak, eta, halakorik izanez gero, zerbitzu pribatuak.
Datuak 2008ko irailaren 22an daude eguneraturik. Hala eta guztiz ere, datuak etengabe alda daitezke. Horregatik, aldaketa, akats edo hutsen bat sumatzen baduzu, Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako Alorrera jotzeko eskatzen dizugu, mesedez, horren berri eman dezazun. Horretarako, 948 420 266 telefonora dei dezakezu, edo, bestela, www.pamplona.es) web gunera jo.

